Zintzotasunaren bermea
« Berrietara itzuli
Maiatzaren 18a
Hauteskunde-kanpainak ofizialki hamabostaldi bateko iraupena badu ere, sinesgarritasuna eguneroko jardueraren bitartez irabazten dugu alderdiok. Eusko Alkartasunan argi daukagu, egitasmo zehatz batzuk egiteko konpromisoak hartzeaz gain, politikagintzan ari garenok inoiz ahaz ezin ditzakegun beste oinarri batzuk egon badaudela. Lehenik eta behin, herriarentzat, pertsonentzat, lan egiten dugula, eta horretan sinestuta baldin bagaude, herriarekin, pertsonekin batera landu eta garatu behar ditugu hartu beharreko neurriak. Honen ondorio zuzenak dira, beraz, gardentasuna eta argitasuna; edozein ekimenaren oinarrian egon behar dute. Guk politika egiteko modu horretan sinesten dugu eta horretan aritu izan gara orain artean.
Datozen urteotan ere pertsona ardatz izango duen politika egin nahi dugu. Jakin badakigu arazo guztiak ez direla bat-batean konpontzen, baina hori ezin daiteke aitzakia bihurtu. Aurrerapausuak eman behar ditugu ezinbestean herritarren bizimodua atseginagoa eta errazagoa izan dadin, eta politika horiek, derrigorrez ere bai, GENERO IKUSPEGIA aintzat hartu beharko dute abian jarriko ditugun ekimen guztietan. Ildo honi jarraituz badira aipatu beharreko zenbait puntu:
- - HIRIGINTZA arloan "garapen jasangarria" ahalbidetzea da helburua, espazio libreen garrantziaz jabeturik. Etxebizitzaz aritzen garenean, eskubide den heinean, eraikin berriak egitea ez ezik, beste hainbat alternatiba ere kontuan hartu behar dira, hala nola etxebizitza hutsak alokatzeko merkatura ateratzea, lokalak bizigarri egitea, alokairua sustatzea, etab. Hau guztia xede zehatz batekin: neurriz kanpoko prezioak ekiditzea.
- - APARKALEKUEI dagokienean, mugikortasunari buruzko plangintza estrategiko baten barruan, etengabeko kezka izaten dira eta, konponbidea bilatu nahian, lurzoru publikoan aparkalekuak egiteari lehentasuna emango diogu. Halaber, garraio publikoa sustatu eta bidegorriak egingo ditugu, jendeak auto pribatua erabiltzeari utzi diezaion alternatibak eskaini behar dizkiogulako.
- - DENDAK ere herri baten bizi-kalitatearen termometroa izaten dira. Merkataritza babesteak herriari bizitza eta dinamismoa ematea dakar. Hau dela-eta, apustu argia egiten dugu AZOKAK bultzatuz jarraitzearen alde.
- - Eusko Alkartasunak Ongizate-Estatuaren alde jokatu du, eta jokatuko du, beti. Kalitatezko zerbitzu publikoak indartzearen aldeko apustua gure oinarri ideologikoan dago eta, batik bat, kutsu sozial argia duten zerbitzuak. Honen haritik, udal zerbitzuen eskaintzaren kalitatean azpimarratuko dugu datorren legealdian: haur eskola, gerontolojikoa, etxez etxeko laguntza, larrialdietarako bat-bateko erantzuna, etab.
- - EUSKARA eta HEZKUNTZA. Gure hizkuntzaren erabilpenaren normalizazio prozesuari bultzada eman nahi diogu; batetik, herritar guztiei erraztasunak emanez euskara ikasteko aukera izan dezaten; bestetik, kalean bere erabilpena sustatuko duten ekimenak martxan jarriz.
- - Demokrazia partehartzailean sinesten dugu Eusko Alkartasunan, benetan aberatsa den gizarte batean bizi garelako eta, azken batean, gizarteak berak Tolosako motorra izan behar duelako. Orain artean egin dugunaren haritik, HERRIKO TALDEAK bultzatu nahi ditugu arlo guztietan, kirolean zein kulturgintzan zein aisialdian, tolosarrek beraiek herriak hartu behar duen norabidea ezartzeko.
- - KULTUR arloan abian jarritako proiektuak (Kafe-Antzokia eta Gozoaren Museoa) errealitate bihurtu behar ditugu datozen lau urteotan, baita liburutegia birmoldatu ere.
Gure erronkei buruzko zertzelada batzuk baino ez dira hauek. Batzuk ez dira berriak, dagoeneko martxan baitaude, baina beren garapena bermatzea ezinbestekotzat jotzen dugu. Edozein kasutan, hitzetatik baino haratago joan nahi dugu EAn, egitasmo hauek aurrera eramaten lagundu duten pertsonen seriotasun eta zintzotasunean jartzen baitugu guk gure sinesgarritasunaren adierazlea. Hori baita Eusko Alkartasuna. Bermea.
« Berrietara itzuli