Maiatzaren 23a
Gaur, Eusko Alkartasunako Bilborako alkategaiak, Jon Aritz Bengoetxeak, udalarentzako eskumena eta finantziazioa eskatu ditu, adinekoen atentziorako gizarte-zerbitzuak udalak eskaini ditzan, gaur egun aldundiak kudeatzen ditu-eta. Horiek horrela, adinekoen atentzioa hobea bermatu ahal izango da hiritarrengandik hurbilen dagoen erakundetik.
Albia lorategietan dagoen zahar-etxera joan baino lehen, Bengoetxeak adierazi duenez, "gure adinekoek etxez etxeko laguntzarako udal-aurrekontu handiagoa behar dute. Era berean, eguneko zentro gehiago egin behar dira, etxebizitzak eraldatzeko laguntzak eman behar zaizkie eta euren auzoetako irisgarritasuna hobetu behar da". Aldi berean azaldu duenez, "ez ditugu adinekoak bertan behera utzi nahi, hiriko bizitzako subjektu aktiboak izan behar direlako. Horrez gain, euren gozamenerako jarduera soziokulturalak sustatu behar ditugu, eta teknologia berriak erabiltzeko aukera eskaini behar diegu."
EAko Bilborako alkategaiak gogorarazi duenez, "erakundeok bermatu egin behar dugu gure adinekoek bizitza duinaz gozatzeko aukera izango dutela". Hori dela eta, etxez etxeko laguntzarako udal-aurrekontua handitzea proposatu du, adinekoen atentzio-orduak gehitzeko. Era berean, beharrezkoa denean, adinekoei etxera catering-zerbitzua eramatea bideragarria den aztertu behar dugu. Hala ere, etxez etxeko laguntzarako zerbitzu integralaren osagarria izango litzateke beti.