Maiatzaren 24a
Eusko Alkartasunako Bilborako alkategaiak, Jon Aritz Bengoetxeak, gaur goizean azpimarratu du EA "ezker abertzaleko aukera sinesgarri bakarra dela" eta "herrialde-zentzua daukan" udal-gobernua eratzeko "giltza" dela. Era berean, azaldu egin du hiribilduko biztanleen aldarrikapenen "bozgorailua" izaten jarraituko dutela, "lau urteotan Hezkuntza, Gazteria eta Kirol Sailean erakutsi dugun bezala. Hain zuzen ere, haurreskolak sortu ditugu lehen ez zeuden tokietan, kirola egiteko aukera eskaini dugu auzoetako kiroldegi eta udal-instalazioetan, gazteekin batera aisialdirako eta asteburuetarako aukerak sortu ditugu Bilbao Gaua programaren bitartez eta lanari, euskarari zein etxebizitzari buruz zeuzkaten proposamenak hartu ditugu kontuan Bilbao Aktiba programaren bidez".
Alde horretatik, gogorazi egin du hauteskunde-programako proposamenak biztanleekin auzo bakoitzaren premiei lehentasuna emateko egindako lan "serioaren" ondorioa direla. Taldeekin, auzokoen elkarteekin, afiliatuekin eta jarraitzaileekin egindako bilerei, topaketei eta lan-mahaiei esker, "ilusioz ekingo diegu hurrengo urteetarako proposamen zehatzei, erabakigarriak izango direlako Bilbo hiritarren benetako premiei aurre egin eta euren bizi-kalitatea hobetzen duen hiri-eredua izan dadin", azaldu du Jon Aritz Bengoetxeak.
"Ezker abertzaleko aukera sinesgarri bakarra gara eta herrialde-zentzua daukan udal-gobernua eratzeko giltza izango gara, hiru hiriburu barik, zazpiak hartuko ditugulako kontuan. Izan ere, gure ustez, Euskal Herriko gizartearen, ekonomiaren eta kulturaren erreferentea izan behar da Bilbo", erantsi du EAko Bilborako alkategaiak.
Horrela, Bengoetxeak egiaztatu egin du udalean "etikaz eta gardentasunez" lan egiten jarraituko duela "egingo ez dena agintzeko joko ez-moralean sartu gabe, osoko bilkuretan izenbururik bilatu gabe eta beste batzuei proposamenak kendu gabe. Beraz, bilbotar guztiak errespetatuko ditugu eta beste era bateko politika egingo dugu, guk auzoko guztien ahotsa hartzen dugulako kontuan eta, nahi izanez gero, egin egin daitekeelako."