Maiatzaren 12a
Instituzioak herritarrengandik gero eta urrunago ikusten ditu Eusko
Alkartasunak eta horri buelta eman behar zaiola uste du. Herritarren
parte-hartzea areagotu nahi duela dio, eta horretarako, udaletan badaudela nahikoa tresna. Horiek baliatu nahi ditu. Jon Aritz Bengoetxea EAk Bilbon duen zinegotziak eta hauteskundeetara zerrendaburu aurkezten denak dio horretan ari dela. «Bilbo parte-hartzailea» nahi duela, eta hori nola bideratu badakiela. Herritarren parte-hartzea sustatuko duen kargu berria sortzea proposatu du.
EAko zinegotziak proposatu duen parte-hartzerako bulego berriak Bilboko Udaleko barruti eta departamendu guztietan izango luke eragina, eta azken legegintzaldian martxan jarritako esperientzia izango luke abiapuntu.
«Hezkuntza, Gazteria eta Kirola sailetan abiatu dugun Bilbao Aktiba
esperientziak erakusten digu herritarrek parte hartu nahi dutela eta hori egitea posible dela», azaldu du Bengoetxeak.
Eta herritarren parte-hartzeari bide egiten ari dela dio EAkoak. Bilborako egin duen programa ere hiritarrekin bilduta egin duela. Areago, programa itxi gabe duela jakinarazi du. Hauteskunde kanpainak irauten duen hamabost egunetan herritarrekin eta auzo elkarteekin biltzen jarraituko dela, eta jasotako ekarpenekin moldatuko duela atzo aurkeztu zuen programa.
«Hiritarrekin egon garenean esan digute udalean, unerokotasunean, herritarrei entzunda aritu behar dugula», argudiatu du.
Bi alor nagusi ditu EAk Bilborako egin duen programak: haur eskolak eta etxebizitza. Bengoetxearen esanetan, haur eskolen eskaria handia da Bilbon, eta azken urteetan eskaintza hirukoiztu egin den arren, areagotu egin behar dela dio. Eskaintza hori bikoiztea du helburu EAk, eta, pixkanaka, haur eskolak Bilboko auzo guztietan zabaltzea.
Etxebizitzei dagokienez, 5.000 bizileku berri eraiki nahi ditu EAk Bilbon datozen urteetan, bai eta alokairu sozialak sustatu eta erabili gabe dauden etxeak merkatura sartu ere.
Halaber, auzoen aldeko apustua egingo duela azaldu du Bengoetxeak. Bilbo erdigunea eta auzoen arteko oreka lortzeko lan egingo duela hitz eman du.
«Lau urte ditugu aurretik, eta hiri ereduan eragin dezakegu. Herritarren bizi-kalitatea hobetu nahi dugu», esan du boto eske. Oinarri horiekin, gainera, Bilbo «erreferente» egin nahi duela dio. «Bilbo Euskal Herriaren erreferentzia bihurtu nahi dugu nazio eraikuntzan eta eraikuntza sozialean».
«BESTE MODU BATETAN».
Begoña Errazti EAko presidentea lagun izan du Bengoetxeak programa aurkezpena egiteko agerraldian. EAk bake eta
normalizazio prozesuaren aldeko apustua egiten jarraituko duela esan du Erraztik. «Euskal Herria beste modu batean egin nahi dugu. Hori da hauteskundeetarako aukeratu dugun leloa, horrek esan nahi duen guztiarekin», azaldu du.
«Bakearen eta normalizazio politikoaren alde lan egin nahi dugu», dio Erraztik, Euskal Herriak «garrantzi politiko handia» duen momentua bizi duela ohartarazita. Errespetua eta proiektu politiko guztiek aukera berdintasunean aritzeko eskubidea ditu horretarako oinarritzat, eta «konponbide demokratikoa» aldarrikatu du. «Hori heldu beharreko alorra da, nahiz eta batzuek ahaztu egin nahi duten», ohartarazi du. Burujabetzan aurrera egiteko dei egin du, konponbidea herritarrek nahi dutena errespetatzean dagoela azalduta.
Iturria: Berria